Skip to main content

EAJ eta EH Bildu berdinduta, Lakuaren arabera

Politika

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako inkestaren emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horien arabera, EAJk eta EH Bilduk ordezkari kopuruan berdinketa lortuko lukete (29) ganberan. PSE-EEk eta PPk euren eserlekuei eutsiko liekete (10 eta 6, hurrenez hurren). Sumarrek legebiltzarkide bat eskuratuko luke, Elkarrekin Podemosen kaltetan. Miren Gorrotxategi buru duen zerrenda eta Vox Legebiltzarretik kanpo leudeke.
Lurraldeka, beste berdinketa bat legoke Araban. EH Bilduk eta EAJk 9na ordezkari eskuratutuko lukete, botoen % 31,6 eta % 29,7, hurrenez hurren. PSEk orain dela lau urte lorturiko laurak mantenduko lituzke, eta PPk birekin jarraituko luke. Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek ez lukete ordezkaritzarik lortuko, ezta Espainiako eskuin muturrekoek ere.
Bizkaian, EAJk botoen %39,2 lortuko luke, hau da, hamaika aulki. EH Bilduk, botoen %30,1a lortuko luke, bederatzi parlamentari lortuz. PSEk hirurak mantenduko lituzke eta PPk birekin jarraituko luke. Araban bezala, Elkarrekin Podemos eta Sumar kanpoan geldituko lirateke.
Gipuzkoan, EH Bildu izango litzateke lehen indarra, botoen %40,5 eta hamaika parlamentarirekin. EAJ bigarren geratuko litzateke, %32,7ko botoekin eta bederatzi eserleku lortuz. PSEk hiru izango lituzke eta PPk bat. Sumarrek ordezkari bat lortuko luke herrialde honetan.