Martxoaren 3ko biktimen erreparaziorako bidea ireki du Arabako Fiskaltzak
Politika
Ane Garitaonandia Etxebarria
Arabako Fiskaltzak prozesu bat abiatu du Martxoaren 3ko biktimei erreparazioa emateko. Idatzi bat aurkeztu du Espainiako Fiskaltzarekin batera eta proposatu du auziari heltzeko borondatezko jurisdikzioa erabiltzea. Hau da, akusatuen aulkian inor eseri gabe, jazoera haren egia judiziala aitortzea.
Hala, lehen aldia litzateke ebazpen judizial batek Espainiako Polizia Armatuaren “errepresio bortitza” aitortuko lukeena.
Carmen Cotelo Arabako Fiskaltzako buruak hartuko du kasua bere gain, gertatutakoak “daukan garrantzia” kontuan hartuta. Ez dute jakinarazi noiz abiatuko den auzibidea, baina dozenaka herritarrek pasatu beharko dute epailearen aurretik lekukotza ematera. Fiskaltzak ziurtatu du informazio dokumental “andana” bildu dutela dagoeneko, eta ikerketa sakona egin nahi dutela 1976ko egun hartan Gasteizko Zaramaga auzoan gertatu zena argitzeko.
Helburua da egitateen ziurtagiri judiziala eskuratzea, biktimen eta haien senideen erreparazio ordain modura.

















