Skip to main content

BIMEren 14. edizioa egingo dute Bilbon urriaren 27tik 30era

Kultura

Xabi Ealo

2026, urr. 14 - 14:10
BIMEren hamalaugarren edizioa urriaren 27tik 30era egingo dute Bilbon, eta nazioarteko musika-industriako profesionalak, artistak, enpresak eta erakundeak bilduko ditu eta hiria musika iberoamerikarraren hiriburu izango da prestatu duten programazioarekin.

BIME Pro programazio profesionalaren baitan nazioartean ospe handia duten hainbat egile izango dira industria eraldatzen ari diren solasaldiak eskaintzen Bilboko Euskalduna jauregian. Herritarren atsedenaren eta musikaren arteko bizikidetza, zuzeneko musikaren etorkizuna hirigune handietatik kanpo, eta sorkuntzaren eta identitate artistikoaren forma berriak aztertuko dituzte. Aurten Begirada Latinoamerikako edota Afrikako merkatuetara ere zabalduko da eta sorkuntza artistikoa ahaztu gabe kulturaren arteko trukearen ondorioz sortzen diren soinu eta identitate berriak aztertuko dituzte.

BIME Livek ere ez du hutsik egingo aurten, eta lehendik iragarritako izenei beste hainbat gehitu zaizkie, hala nola, Axolotes Mexicanos taldea edota Cervatana. Euskal musikariek ere izango dute presentzia bertan, izan ere, Sara Sozaya eta Silitia taldeak arituko dira.

BIME programazioa eta kultura eta sormen industrien hausnarketarako eta garapenerako beste espazio batzuetara hedatuko da, berriro ere. Urriaren 28an, BIMEren III. Inpaktu Jardunaldian, kultura, ekintzailetza eta inpaktuzko inbertsioa izango dira mintzagai nagusi, biharamunean, hilaren 29an, Aupa! Errekonozimenduk egingo dira, sormenaren, berrikuntzaren, konpromisoaren edo eraldaketaren bitartez musika-industriaren garapen kolektiboa bultzatzen duten pertsonak, enpresak eta proiektuak saritzea izanik xede.

Jaialdiak Bilbotik eta Bizkaitik, musika kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen arloetako eragiletzat hartzen duten ikuspegiak konektatuko dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko saila eta Bilboko Udala izanik sustatzaile nagusiak.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista