Ikasleen protestek ez dute etenik Ipar Euskal Herrian
Gizartea
Ane Garitaonandia Etxebarria
Ikasleen protestek ez dute etenik Ipar Euskal Herrian. Frantzian ere izaten ari dira protestak eta bertako ikasleen sindikatu nagusiaren arabera estatuko unibertsitateen %90 itxita edo blokeatuta daude.
Duela bi aste batu ziren Ipar Euskal Herriko ikasleak Parisko aldirietako lizeo publiko batean piztutako ikasle-mugimendura. Ordutik, blokeoak eta protestak izan dira nagusi Lapurdiko hainbat ikastetxetan. Frantziako Gobernuak hezkuntzara bideratutako baliabide eskasak salatu dituzte ikasleek, besteak beste, irakasle falta eta azpiegituren egoera kaskarra. Frantziako Gobernuaren neurriak ez direla nahikoak salatu dute, horregatik, ikasleek protestan jarraituko dute. Frantziako Gobernuaren murrizketen aurka, langileak ere bat egiten ari dira ikasleen aldarrikapenekin
Aurreko asteko protestetan, Polizia manifestariei oldartu zaie, eta agenteek erabilitako indarkeria salatu dute ikasleek. Errepresio-kasuen artean, oihartzun handia izan du Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasle batek salatutako eraso euskarafoboak. 16 urteko gazteak salatu zuenez, euskaraz hitz egiteagatik, Poliziak lurrera bota, kolpatu eta negar-eragile gasa bota zion.
Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek beren aldarrikapenak ere nabarmendu dituzte. Besteak beste, azterketak euskaraz egin ahal izatea eta euskarazko hezkuntza-eskaintza orokortzea eskatu dute.

















