Esker onez | Emilio Majuelo
Esker onez
Patxadaz aritzen da Emilio Majuelo historiaz, letra larriz, historia baita bere historia propioa. Txikitan hasi zen irakurtzen, jakin-mina piztu baitzitzaion liburuen bidez. Eta ikasketen ondoren, zapalduen historia argitara ateratzen egin du lan, Frankismoan eta ondorengo urteetan errepresaliatutakoen testigantzak bilduz, Erriberako klase gatazkak aztertuz... Historia soziala, politikoa, mugimendu sozial eta sindikalak, Gerra Zibileko errepresioa... Horiek guztiak plazaratu zituen bere tesian eta hainbat ikerketa lan eta liburu ere argitaratu ditu, tartean kolektiboki egindako Navarra 1936 liburua.
Gauza berriak ikastea gustatu izan zaio beti, eta horrela hasi zen euskara ikasten. Orduan, mundu berri bat ireki zitzaiola dio, eta horretaz gozatzen aritu da irakaskuntzaz bezainbeste. Pasioz bizi du historia eta hori transmititzen saiatu da ikasleei, beharrezkotzat jotzen dituelako dibulgazioa eta irakaskuntza. Eta orain, jubilatuta dagoen arren, berak dio “beti saiatu behar dela ikasten eta ulertzen”.
Saio guztiak nahieran hamaika.eus, youtube eta spotifyen.