Skip to main content

Agurne Gaubeka, Behatokia: "Euskararen aurkako oldarraldia ez da judiziala bakarrik, diskurtsoen eraketa gizartean errotua dago"

Elkarrizketa

Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitutako manifestazioa hizpide, nabarmendu du “euskararen aurkako oldarraldia ez dela judiziala bakarrik, eta nabarmendu du diskurtsoen eraketa hori gizartean errotuta dagoela”.

Hori horrela, herritarrek “planto egin” eta beren “giza eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko unea” dela nabarmendu du. Izan ere, gehitu du “hizkuntza bat ofiziala izateak ez duela nahikoa berme ematen hizkuntza eskubideak babesteko eta egikaritzeko”.

Gaubekak nabarmendu du Euskal Herriko administrazioetan ez direla euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzen, eta horren adibidetzat jo du botere judiziala, esaterako: “Gaur egun, herritarrek ezin dute epaiketa bat euskaraz normaltasunez burutu, zailtasunak eta atzerapenak dakartzalako erabaki horrek”. Hori horrela, Gaubekak adierazi du Espainiako Estatuak botere judizialaren lege organikoa aldatu behar duela bermatu dezaten “prozedura guztiak euskaraz egin ahal izango direla, eta baita epaiketak ere”.

Horrez gain, nabarmendu du oraindik ere Nafarroako eremu mistoan eta erdaldunean euskara ez dela merezimendua, 2019tik 2023ra atera diren lanpostu finkotan euskararen ezagutza ez dela merezimendua izan –ingelera, frantsesa eta alemaniera bai-, eta horrek eragina duela eremu euskaldunean bizi diren euskaldunengan ere, askotan zerbitzuak eremu zentralean jasotzen dituelako. Horrez gain, adierazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen legeak are gehiago murriztu dituela euskaldunen eskubideak. Nolanahi ere, nabarmendu du araugintza ez dela nahikoa, eta lege horiek betetzen direla ikuskatu egin behar direla.