Garazi Albizua, idazlea: "Leku bakoitzak ere badu bere literatura"
Sakonean
Ane Urkola Agirrezabala
Garazi Albizua idazle santurtziarra Ortzaizen ari da bere sorkuntza lana osatzen Geuretik Sortuak ekimenari esker. Haur eta gazte literaturan aritu da batez ere, eta helduen literaturan ari da orain. Idazleak hainbat "korapilori" idatzi nahi dio, eta horietako bat da euskaraz eta gaztelaniaz idazteak beregan duen eragina: "Nire obesioetako bat da jakitea hizkuntzak sortzerakoan duen eragina kontrolatzen dudan edo ez; konturatu naiz ezberdin pentsatzen dudala batean eta bestean".
Horrez gain, leku baten fisikotasunari zein familiari ere garrantzia handia eman die idazleak. Bere esanetan, inguruak idazketari eragiten dio, eta familia edota norbanakoa bera ere ezberdina da leku bakoitzean: "Gure familia diren beste izaki ezezagunak nolakoak dira? Guztion estutasunek zein forma hartzen dute leku batean zein bestean? Nola sartzen da hori hitz batean? Eta zer ez da hitz baten barruan sartzen leku batean edo bestean?". Egunean zehar pasarteak idatzi, irudiak egin eta soinuak grabatzen ditu Albizuak, eta horiei guztiei eguneroko forma ematea du xede.