Skip to main content

Koldo Otamendi, Musika Zuzenean: “Musika talde bat baino, musika egiten duten lagun talde bat da Etxepe”

Kultura

Etxepe taldea izango da gaur gaueko Musika Zuzenean saioko protagonista. Koldo Otamendi saioko aurkezleak nabarmendu digu askotariko musika egiten dutela: trapa, erritmo beroak, tekno eta baita rock kutsukoak ere. Disko jartzaile batek jartzen du musika, eta aurrean, hiru abeslari aritzen dira “dena ematen”.
Pandemian sortu zuten taldea, eta teknologiaren abantailak aprobetxatuz hasi ziren kantuak egiten. Urte hauetan guztietan egindako 10-15 kantu bildu dituzte Etxepe Kids diskoan: “Taldearen errealitate ezberdinak ikus daitezke”. Orain ‘Etxeperreo’ lana argitaratuko dute: “Azken sei hilabetetan egin dituzten hainbat kantu bildu dituzte. Izenak oso ondo adierazten duen moduan, erritmo dantzagarri eta doinu beroagoak bildu dituzte”.
Asteburu honetan Aretxabaletako jaietan izango dira, eta abuztuan Bilboko Aste Nagusian joko dute. Irailetik aurrera hasiko dira disko berri hau aurkezten areto eta lokal txikietan.