Image

Xabier Amuriza: "Pozgarria izan da saria jasotzea, utopiko hitzak ondo definitzen nau"

 Xabier Amuriza idazle eta bertsolaria elkarrizketatuko dugu Hamaika Telebistan. III. Monzon-Ganuza saria jaso berri du Bergaran Olaso Dorrea Fundazioaren eskutik. “Pozik” hartu du saria, eta dio utopikoa hitzak “nahik ondo” definitzen duela: “Halako babes eta kariño bat sortu da gai horren inguruan, eta horrek ematen du poza”.

Bere ibilbide politiko eta konprometitua izan du hizpide Amurizak: “Garai garratz eta gogorrean geunden, eta gaztetasuna, ilusioa, utopia eta idealismo pixka bat genuen”. Nabarmendu du garai hartan indar handia zutela abadeek, nahiz eta minoria izan: “Gutxiengo handia ginen”. Hain zuzen, ere bizitzako arorik oparoenetakoa abadetzakoa izan zela dio, hiru urte eta erdi horietan egin zuten “iraultza txikiarengatik”: “Munduari heltzen ikasi nuenetik ari naiz fronte horretan: Euskal Herriaren eskubide nazional, politiko eta sozialen alde”.

Dena den, Euskal Herrira ez ezik, mundura so aritu da Amuriza, eta azpimarratu du bere “izate praktiko eta intelektuala” horretan ibili dela beti: “Munduan milioi gehienentzat natura oso gogorra eta biolentoa da; mundu osoari begiratuta, ni toki pribilegiatu batean sortu naiz”.

Bertsolaritzatik “urrundu” egin dela dio, eta nabarmendu du arlo horretan izan dela aldaketa handietako bat, eta dio entzuleria asko aldatu dela: “Ni hasi nintzenean, herri batean bertso saioa non zen jakiteko, Land Rover pila bat zegoen tokian, han izango zen bertso saioa". Horrez gain, aipatu du 1980ko txapelketan “oso kontziente” eraman zuela euskara batua bertsolaritzara. Euskararen egoeraz galdetuta, dio maitasunak ez duela euskara salbatuko, borondate pertsonala dagoelako tartean: “Egiten ez dutenak %90 badira, %10ak ez du salbatuko”.

Amuriza bera urrunduta dago militantzia politikotik, baina dio hasi zenean baino “errebeldeagoa dela intelektualki”. Zentzu horretan, argi du oraindik ere borrokatzen jarraitu behar dela: “Zure printzipioak beste baten azpitik daudenean, hori borrokatuz lortu behar da, eta horretarako, militantzia funtsezkoa da”. Egoera politikoari erreparatuta, dio eguneroko lanean irabazi behar dela “terrenoa”: “Ez dut uste galtzen ari garenik, baina asko da irabazi beharrekoa”.

Lasaiago bizi da Amuriza, “beharbada ondoen orain bizi naiz, ardura handirik gabe”, eta dio zoriona “ideia komertzial” bat dela: “Nik poza nahi dut”.  

 

 

hamaika telebista

11 laguntzaile

Image