Skip to main content

Asier Etxenike: "Adostasun zabalak behar ditugu eta gutxieneko minimoak adostu"

Elkarrizketa

Asier Etxenike Hezkuntza Plazara ekimeneko kidea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Nabarmendu du azken egunetan Hezkuntza Legearen aurreproiektuari buruzko ekarpen “potenteak” egin dituztela hainbat eragilek Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta Etxenikek adierazi du ekarpenak egiten jarraituko dutela, “ahalik eta legerik onena lortzeko”. Garrantzitsutzat jo du “adostasun zabalak” lortzea, eta “gutxieneko minimoak” adostea.

Etxenikeren esanetan, aurreproiektu honek “konfigurazio berri oso bat” beharko luke eskola publikoari “beste posizio bat emateko”. Gehitu du legeak “oinarri minimo” bat ezarri behar duela euskararen ezagutzan, eta dio “bultzada soziala zein administrazio publikoaren erantzukizuna” behar direla “aurrerapausoak” ematen jarraitzeko.

Zentzu horretan, ezinbestekotzat jo du instituzioek baliabideak jartzea, haurren euskararen ezagutza kanpo ebaluazio baten bidez neurtzea, eta irakaspenak ateratzea hezkuntza sistema guztiarentzat.

Nabarmendu du “tokian tokiko herri curriculum-ak” sortzea garrantzitsua dela: “Gure eskolak ez dira hezkuntza eskolak soilik, balio sistema oso bat garatzeko eremua da". Azpimarratu du jaitsiera demografikoa baliatu behar dela hezkuntza sistema osoaren kalitatean urratsak emateko.