Skip to main content

Euskal kultura berretsi duen 58. edizio "arrakastatsu" batekin itxi ditu ateak Durangoko Azokak

Kultura

58. Durangoko Azoka arrakastatsua izan da. Horrela adierazi dute antolatzaileek; jendetsua, bizia, anitza eta parte hartzailea izan dela. Hitz bakarrean, "fantasiazkoa". Bost egunetan Landako eta inguruetako guneak jendez beteta egon dira, eta nobedadeak ezagutzeko zein ekitaldietan parte hartzeko gogoa nabarmena izan da.
Antolakuntza pozik dago emaitza orokorrarekin. Baita postua jartzera hurbildu diren partaideen balantzea positiboa izan delako. Salmenta onak izan baitira. Batez ere, nobedadeak erosi diren arren, askok eskaintzaren artean arakatzeko ere aprobetxatu dute.
Musikaren arloan, talde ezagunek jende piloa erakarri dute, eta hasiberriek euren lana ezagutzera emateko plaza bezala erabili dute azoka.
Guneetan 265 ekitaldi burutu dira, gehienak betez eta sarritan ilarak sortuz. Horrekin lotuta, esanguratsua da webguneko erabiltzaileen 10etik 4k egitaraua kontsultatu dutela; lehen lau egunetan 60.000 bisita izanik atari digitalak.
Beste behin ere, Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho "izugarria" izan da Gerediaga elkarteak adierazi duenez. Batik bat, sortzaileen eta zaleen artean eraikitako zubiengatik. Horrelaba, 59. Durangoko Azoka 2024ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da.