Skip to main content

Irati Agirreazkuenaga, kultur aditua: “Nobedadez beteta dator aurtengo ‘Lautan hiru’ jaialdia”

Kultura

Otsaileko kultur eskaintzari erreparatu diogu Irati Agirreazkuenagarekin. Antzerkigintzari dagokionez, Bilbon ospatuko den ‘Lautan hiru’ jaialdia izan du hizpide, eta otsaileko ostegunetan antzezlan txikiak eskainiko dituzte Bilboko alde zaharreko espazio desberdinetan. Antzerkigintzari espazio berriak irekitzea, eta kultur zaleei aukera berriak zabaltzea da jaialdiaren helburua.

Gasteizen ‘Enpatia’ lelopean ospatuko den Umbra Light jaialdiaz ere mintzatu da, eta formatu handiko arte eskulturak, eta nazioarteko artistek egindako proiekzioak izango dira protagonista: “Hainbat artistak ibilbide artistikoa proposatuko dute hirian, argi-ilunekin jolastuz”. Gaur hasiko da, eta ostiral arte iraungo du.

Bira kulturguneak eta Bilboko Zenbat Gara elkarteak antolatutako ‘Oraina kontakizun’ jardunaldia ere izango da datozen egunetan, eta errelatoaren eta kontakizunaren inguruan hausnartuko dute. Bertan izango dira Harkaitz Cano, Lorea Agirre, Mari Luz Esteban, Lur Albizu, Jule Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Txabi Landabidea eta Katixa Agirre, Galder Perez eta Goizalde Landabaso kazetariek gidatuta.