Skip to main content

Pako Aristi, idazlea: “Bertsio ofiziala desmuntatu eta bertsio alternatibo bat eraiki dugu”

Kultura

Pako Aristirekin hitz egin dugu 'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra' liburuaz. Aristik berak nabarmendu digu garaian hedatutako bertsio ofizialean zabaldu zela suizidio kolektibo bat izan zela Irunberriko Arroilan gertatutakoa. Aristiren esanetan, jendeak ez zuen sinetsi, polemika handia egon zen, baina ez zen sortu “bertsio alternatiborik” hori “kuestionatuko” zuenik.
Aristik azaldu du 1995ean Rubenach epaitu zutela Susana hil zuelakoan, eta errugabe jo zutela. Nolanahi ere, Aristik azpimarratu du Entzutegi Nazionalak Fiskalari aurpegiratu ziola ez zegoela froga bakar bat ere suizidioa defendatzen zuenik: “Horrela esaten zuen sententziak: hemen ez da aurkeztu froga sendo bakar bat ere, eta ez dakigu nola eragin ziren pertsona hauen heriotza eragin zuten zauriak. Beraz, suizidioarena ez zen egia judizial bat izan. Nork hil ditu, beraz, pertsona horiek?”.
Arestiren esanetan, ikusi zuten galdera horren atzean indar armatuak egon zitezkeela, baina salatu du Audientzia Nazionalak uko egin ziola ikerketa egiteari, eta beraiek egin dutela lan hori urte hauetan: “Ikerketa independiente bat egin dugu, eta lekuko berriak aurkitu ditugu. Batetik, desmuntatu egin dugu bertsio ofiziala, eta bestetik, bertsio alternatibo bat eraiki dugu. Horrela, etorkizuneko historialariek bi informazio iturri izango dituzte aztertzeko eta erabakitzeko zein egiten zaien fidagarriagoa”.