Skip to main content

Josu Etxaburu: "Politika egiteko modu baten porrotak ahalbidetu du erreferenduma bezalako oinarrizko eskubide bat epaitegietan amaitzea"

Elkarrizketa

Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Puidgemonten aurkako auzibideak izan ditu hizpide, eta nabarmendu du Puidgemont “eskubide demokratiko bat gauzatzeagatik” zigortu nahi dutela. Bere esanetan, “politika egiteko modu baten porrota” gertatu da, eta porrot horren eraginez iritsi da auzia epaitegietara. Hori horrela, dio “kezkaz” bizi dutela “desordena deitzen dioten horretan egiten ari diren birmoldaketek askatasun eskubideari nola eragin diezaioketen”.

Etxabururen iritziz, Gure Esku Europako “mugimendu subiranisten parte” da, eta zentzu horretan, dio “amesten” dutela gaur egungo Europa “beste bat” izan daitekeela hemendik bat edo bi hamarkadetara, eta lan egin behar dela amets horiek lortzeko.

Euskal gizartean burujabetzari buruzko pultsua nola dagoen galdetuta, nabarmendu du herritarrei galdetu behar zaiela ea legea “hemen, hemendik eta hemengoentzat egitea nahi duten edo ez”. Bere esanetan, erantzuna “baiezkoa” bada, horrek erakusten du euskal gizarteak eta herritarrek “burujabetza oso baten” alde egiten dutela. Zentzu horretan, dio Gure Esku burujabetza “formal” baten alde lanean ari dela, eta euskal gizartean hainbat burujabetza eremu sortzen ari dela: “Uste dut hor jarri behar dugula begirada, eta ez burujabetza formalean bakarrik. Euskaldun asko horren alde egiteko apustu finkoa egiten ari gara, eta horren seinale da euskal gizarteari eta herritarrei interesatzen zaigula autodeterminazioaren kontu hau”.

10 urte bete dira Gure Esku sortu zenetik, eta azpimarratu du urte hauetan guztietan lortu dutela “gatazka eremu zen erabakitzeko eskubidea kontzeptuaz naturaltasunez hitz egitea”. Abian jarri duten Itsasargia ekimena izan du hizpide, eta nabarmendu du bere helburua dela Gure Eskuren “datozen urteetako norabidea, lan ildoak eta zeregin nagusiak zehaztuko dituen proposamen politikoa zehaztea”.