Skip to main content

Koldo Tellitu, Ikastolen Elkartea: 'Legearen zirriborroan jasotakoa atzerapausoa da'

Elkarrizketa

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan, eta “atzerapausotzat” jo du Hezkuntza Legearen zirriborroan jasotakoa. Bere hitzetan, titulartasunaren dikotomia publiko-pribatua berreskuratzen da, eta horrez gain, euskal hezkuntza zerbitzu publikoan sartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta prozedurak ez dira agertzen: “Zehaztasun falta izugarria da”.

Tellituk nabarmendu du euskara dela zirriborrotik gehien kezkatzen dituen gaia: “Legearen zirriborroak ez du berariaz zehazten zein izango den ikasleek B2 maila lortzeko hizkuntza eredu berria”. Bere esanetan, zirriborroan esparru eleaniztuna jasotzen da, eta dio hiru hizkuntzaren ikaskuntza bideratuko dela. Hori horrela, adierazi du “lausoegia” dela euskararen protagonismoa. Zentzu horretan, salatu du hezkuntza ituneko hainbat puntu ez direla gauzatzen, eta era berean, azpimarratu du ez dela euskal curriculumik existitzen: “Ez dago horren arrastorik”.
Tellituk “aurrerapausotzat” jo du zirriborroak doakotasun printzipioa jasotzea, baina adierazi du ez dela “inondik inora” aipatzen nola egingo den hori eta administrazioak zein baliabide jarriko dituen hori ziurtatzeko.

Segregazioari dagokionez, Tellituk aipatu du Hezkuntza Itunean jaso zela eskola segregazioaren aurkako itun bat lortuko zela: “Hezkuntza Itunak jaso zuen itun hori lortuko zela hezkuntzako hainbat eragilerekin, eta hori guretzat garrantzia handiko elementua da”. Nolanahi ere, salatu du zirriborroan “zehaztasun falta” handia dagoela: “Tresna horren erabilera oso ezberdina izan daiteke reglamentuaren garapenaren arabera, eta zehaztasun falta horrekin oso zaila da esatea neurriak egokiak diren edo ez”.

Horrez gain, Ikastolen Elkarteko lehendakariak salatu du legearen zirriborroak ez dituela ikastolak aintzat hartzen: “Itunpeko ikastetxeen barruan sartzen gaitu, baina ikastolak ez gara beste itunpekoen berdinak, herritarren ekimenez sortutako ikastetxeak baizik”.
Baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izateko Frantziako Estatuko agintariekin egindako bileretako jarreran aurrerapausoak eman direla dio, baina salatu du ez dela erabakirik hartu.