Skip to main content

Miren Basaras, mikrobiologoa: "Bakterioen erresistentzia pandemia isila da"

Elkarrizketa

Miren Basaras mikrobiologoa elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. ‘Kraken’ aldaera delakoaz mintzatu da Basaras, eta nabarmendu du ez dela aldaera bat, azpi-aldaera bat baizik, eta egun, munduko aldaera nagusia Omicron dela. Horrez gain, zehaztu du izen hori ez diola inolako munduko osasun erakundek jarri, hedabideek izendatu dutela horrela. Horrez gain, gehitu du Omicron aldaeraren sintomak antzekoak direla: “’Kraken’ delakoa ez da arriskutsuagoa,eta ez ditu ospitaleratze gehiago eragin”.

COVID19ak Txinan eragindako egoera izan du hizpide, “esan dutena” oinarri hartuta, betiere, eta adierazi du Txinan erabilitako txertoak ez direla hemen erabilitakoak bezain eraginkorrak, eta hango immunizazio maila ere txikiagoa dela, ondo txertatu direnen pertsona kopurua txikiagoa delako.

Basarasek zehaztu du “komeni” dela maskara erabiltzea jende asko pilatzen den eta gaizki aireztatuta dauden lekuetan. Hala ere, zehaztu du norberak “baloratu” behar duela erabili edo ez, bere osasun egoeraren arabera.
Nabarmendu du ez daukatela “zentzurik” Txinatik datozen bidaiariei jarri zaizkien neurriek, aldaera edo azpi-aldaera horiek jadanik munduan zabalduta daudelako. Nolanahi ere, dio garrantzitsua dela COVID19 kasu horien “zaintza birologikoa” egitea, sor daitezkeen aldaera berriak kontrolatzeko. Horrez gain, ezinbestekotzat jo du txertaketa mundu osora zabaltzea mundu osoko osasun publikoko arazo bat kontrolatzeko.
Etorkizunaz galdetuta, nabarmendu du negu honetan aurreikusiko dela hurrengo hilabeteetan zer gertatuko den birus honekin: “Orain birusaren intzidentzia baxua mantentzen bada mundu osoan, agian gerta liteke datorren udazken edo neguan intzidentzia hori igotzea. Kasu horretan, agian inmunitate sistema hori indartu beharko da populazioaren zati batzuetan errefortzu dosien bidez”.
Iaz Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan hedatutako tximino baztanga kasuak “kontrolatuta” daudela dio. Antibiotikoekiko erresistente bihurtzen ari diren bakterioez ere mintzatu da, eta nabarmendu du “pandemia isil” bihurtzen ari dela, eta dio klima larrialdia horren kausetako bat izan daitekeela: “Klima larrialdiaren ondorioz, mikroorganismo ezberdinak beren lekutik mugitzen ari dira. Batzuetan, badaude mikroorganismo batzuk eltxoen bidez transmititzen direnak, edo animalien bidez, eta horiek mugitzen badira, mikroorganismoak mugituko dira”. Erronka “handitzat” eta “kezkagarritzat” jo du; izan ere, hainbat botikak epe laburrean uzten diote eraginkorrak izateari, eta nabarmendu du hainbat farmazeutikok ez dutela inbertitu nahi botika berri horietan, ez dutelako hortik etekinik ateratzen.
Hori horrela, azpimarratu du azkenaldian hedatzen ari diren hainbat gaixotasun zoonotikoak direla, hau da, animalietatik gizakietara transmititzen direla. Hori horrela, dio indartu egin behar dela zaintza epidemiologikoa eta mikroorganismoen zaintza.